Lapikoan / Artikuluak / Astronomia, astrofisika eta espazioa
Eguzki-sistemako hamargarren planeta?
2004/03/16 Elhuyar
Spitzer espazio-teleskopioak eguzki-sistemako hamargarren planeta izan daitekeena atzeman du.
Sedna izena jarri diote astronomoek ustezko planeta berriari. Oraindik zer tamaina duen zehaztu ez badute ere, Pluton bera baino handiagoa izan daitekeela uste dute astronomo estatubatuarrek. Beraz, pentsa daiteke gutxi gorabehera 2.000 kilometroko edo handiagoko diametroa izan dezakeela.
Lurretik 13.000 milioi kilometrora dago. Urruti, ezta? Gaur egun urrutien dagoen Pluton bera baino urrutiago!
Aurkikuntza berri honek, ordea, eztabaida txiki bat sortu du. Sedna planeta den ala ez, hain zuzen ere. Izan ere, Pluton planeta al da? Planeta hitzaren esanahia, askotan, zalantzan jartzen da horiek bezalako planeta txikien kasuan.
Zeruko gorputz bati planeta deitzen zaio, iluna izanda, Eguzki baten inguruan orbita eliptikoan higitzen baldin bada. Beraz, Pluton planeta baldin bada, ez legoke inongo eragozpenik Sedna planeta dela esateko, nahiz eta txikia izan eta oso, oso, oso urrun egon. Pentsa, 11.000 urte behar ditu Eguzkiari bira osoa emateko!