Lapikoan / Esperimentuak / Fisika
Arraultza botilan
2002/01/10 Félix Ares; Miramon Zientzia Museoa
Sartuko al zenuke arrautza botilan? Gai izango al zinateke? Saia gaitezen.
Hasteko lepo zabaleko botila behar dugu. Lepoak urarentzako botilenak baino zabalagoa izan behar du, baina arrautza baino estuagoa. Fruta-zukuarentzat erabiltzen diren botilak oso egokiak dira.
Orain arrautza egosi egingo dugu. Horretarako, arrautza freskoa sukaldeko ontzi batean jarri eta arrautza ondo estali arte urez bete. Irakiten eduki 12 minutu inguru. Ondoren, hozten utzi eta azala kendu.
Gero, hartu sukaldeko papera botilan sartu ahal izateko forma luzexka eman eta alkohol-tanta batzuk isuri muturrean.

Pospolo batekin su eman alkoholez bustitako muturrari (kontu izan ez erretzeko), eta sartu sutan dagoen papera botila barruan. Utz ezazu hondoraino eror dadin.
Denborarik galdu gabe, arrautza botilaren ahoan jarri, alderik estuena barrualdera duela, eta ikusiko duzu nola sartuko den arrautza botila barrura.
Zergatik sartu da arrautza botilan?
Erantzuna airearen datza.

Izan ere, airearen herena inguru oxigenoa da. Papera erretzean, oxigeno hori xahutu egin da (suak beti oxigenoa behar du piztuta iraungo badu; bestela ez da surik izaten). Hau da, botila barruan nolabaiteko hutsa sortu da, eta huts horrek berak arrautza barrura bultzatu du.