Lapikoan / Esperimentuak / Fisika
Koloreak eta tenperatura
2002/12/20 Elhuyar
Zer behar duzu?
Berdin-berdinak diren hiru ontzi, plastikozkoak, kristalezkoak edo kartoizkoak, paper beltza, aluminiozko papera, termometro bat eta kartoia.
Segi lanera!
Bete itzazu hiru ontziak urarekin, erdiraino gutxi gorabehera.
Bil ezazu ontzi bat paper beltzarekin eta bestea aluminiozko paperarekin. Hirugarrena dagoenean utzi.
Hiru ontziak kartoi-zatiekin estali. Kartoiak termometroa sartzeko adinako zuloa izan behar du. Utzi ontziak eguzkitan.
15 minututik 15 minutura ontzi bakoitzaren tenperatura neurtu eta idatzi. Neurketa bakoitzean nahastu ura termometroaren laguntzarekin.
Zer gertatu da?
Estali gabeko ontzia beste bietan lortu dituzun emaitzak konparatzeko erabiliko dugu. Paper beltzarekin bildutako ontziko ura berotu egin dela ikusiko duzu, paper beltzak eguzkiaren energia xurgatu duelako. Aluminiozko paperarekin bilduta dagoen ontziko ura, aldiz, hotzago egongo da, eguzkiaren izpiak islatu egin dituelako.
Beraz, koloreek eguzkiaren energia xurgatzeko gaitasun ezberdina dutela ikusiko duzu. Saia zaitez beste kolore batzuetako paperak erabiliz gauza bera egiten eta ikusi zein den bero gehien xurgatzen duena!