Lapikoan / Bitxikeriak / Lurraren zientziak
Sahara, munduko basamorturik handiena, berde-berdea zen lehen!
2008/04/04 Elhuyar

Ipar Afrikan dago Sahara, munduko basamorturik handiena. Marokon, Algerian, Tunisian, Libian, Egipton, Sudanen, Txaden, Nigerian, Malin eta Mauritanian zabaltzen da. Harea-dunek, harri-basamortuek, buztinezko eta legarrezko lur-basamortuek osatzen dute Sahara.
Basamortu guztien ezaugarria ur-eskasia da; oso-oso euri gutxi egiten du han. Basamortuko landare eta animaliek hainbat estrategiaz baliatuz lortu dute guretzat gogorrak diren kondizioetara egokitzea. Ura ahal bezain ongi baliatu eta beroa saihesteko makina bat teknika harrigarri aurki daitezke basamortuetan.
Animalien kasuan, handienak (adibidez gamelu, txakal edo elefanteak) ur eta itzal bila ibiltzen dira oasiz oasi eta putzuz putzu, baina animalia txikienentzat ezinezkoa da horrela ibiltzea. Horregatik, soberako berotasuna gainditzeko, suge, karraskari eta ugaztun asko gautar bihurtu dira. Egunez haitzulo eta gordelekuetan ezkutatzen dira tenperatura gozatu arte. Txoriek, berriz, beste teknika bat erabiltzen dute apur bat, bederen, freskatzeko. Zerura begira jarri, ahoa ireki eta arnasa bota ondoren, ur lurrunduaren gainera hegaldatzen dira bizkortasun harrigarriaz, lurruntzen den ura berreskuratzeko. Beraz, bakoitzak bere erara lortzen du tenperatura izugarriak baretzea.
Hala ere, Sahara ez da betidanik basamortua izan. Lehen, belarrez eta zuhaitzez estalitako sabana zen. Garai hartan, duela 4.000 urte inguru, fauna tropikal handia zegoen, baina klima aldatzen hasi zen. Lehortea sartu zenean, zibilizazio batzuk poliki-poliki desagertu ziren. Hala ere, arrastoak utzi dituzte: leize-zuloetan eta labarretan dauden pinturak garai hartako biziaren lekukotasuna dira.