Lapikoan / Bitxikeriak / Lurraren zientziak
Aiako Harria, granitozko mendi bakarra Euskal Herrian
2008/08/20 Irantzu Lexartza
Euskal Herrian herrialde guztietan ditugu inguru menditsuak: mendi garaiak, txikiak, arrokatsuak, landaretzaz
estaliak... eta denetan bereziena Aiako Harria da, ez baitago gure lurraldean horren parekorik.
Aiako Harria natura-parkea da, eta Gipuzkoako ekialdean dago. Haranak, arroka deigarriak, aldapa handiak, ur-jausiak, errekak... guztia du ikusgarria granitozko mendigune horrek. Granitozkoa? Bai, bai, granitozkoa da, eta horrek egiten du hain berezi.
Granitoa arroka igneoa da, plutonikoa. Zer esan nahi du horrek? Bada, lurraren barnean hoztutako magmatik eratorria dela. Magma, bai, lur azpian dagoen materia lurtua, sumendietatik laba gisa ateratzen dena. Hain zuzen, Aiako Harriaren inguruko mendiak altxatzen ari ziren garaian, magmak hango materialak zeharkatu zituen. Presioaren eta tenperatura altuen eraginez, material horiek eraldatu egin ziren. Eta hala sortu zen granitoa, Aiako Harriaren ezaugarria.
Granitozko arroketan mineralak ere badaude, eta horietako batzuk garrantzizkoak izan dira gizakiontzat. Hain zuzen ere, hainbat meategi daude inguru hartan, batzuk erromatarren garaikoak, Arditurri esaterako. Ustiapen horiek aztarna utzi dute paisaian. 
Eragin gehiago ere badute inguruan harri hauek. Besteak beste, ingurua Euskal Herriko euritsuena da, eta hori haitzen neurriaren eta kokapenaren eragina da, Bizkaiko Golkotik datozen aire-masak gelditu eta euria botatzea eragiten baitute.