Lapikoan / Esperimentuak /
Zure kaleidoskopioa eraikitzen
2008/09/17 Irudiak: Alai Zubimendi
Irudi ederrak ikusten dira kaleidoskopioaren zulotxotik begiratuta. Jakin nahi duzu nola eraiki dezakezun halako bat zuk zerorrek?
Mutur bietan irekita dagoen kartoizko tutu bat hartu (sukaldeko paper-
biribilki arruntarena meheegia izan ohi da, hobe da hori baino gogorragoa izatea).
Ondoren, hiru ispilu-zati berdin behar dituzu, angeluzuzenak, eta ia tutua bezain luzeak (CD zaharren puskak ere erabil ditzakezu, baina kontuz ibili horiekin; bestela, inguruan duzun nagusiren bati eska iezaiozu laguntza). Zabaleran tutuaren diametroa baino txikiagoak izan behar dute ispilu-zatiek. Hiru zatien aldeak elkartuta, ispiluak barnealderantz daudela, triangelu bat eratuz itsatsi behar dira. Triangeluak tutuaren muturreko zirkunferentzian sartzeko modukoa izan behar du.
Behin elkartuta, sartu ispiluak tutuaren barruan, eta bete bien arteko tartea paperez edo beste zerbaitez.
Itxi tutuaren alde bat kartoiz egindako disko batez. Disko horrek zulotxo bat izan behar du erdian; izan ere, hortik begiratuko duzu.
Beste muturrerako, moztu material gardenez egindako disko bi, tutuaren diametroa dutenak.
Moztu kartoi mehea 2 cm zabal eta tutuaren zirkunferentziaren tamaina duen eraztun bat egin horrekin. Itsatsi eraztun hori eta disko gardenetako bat ontzi txiki bat egiteko.
Kolore bizia duten eta zeharrargiak diren kristalezko edo plastikozko bihi txikiak lortu. Jarri horiek ontzitxoaren barruan, baina ez gehiegi bete. Tokia utzi behar da objektuak mugi daitezen. Jarri beste disko gardena ontzitxoaren gainean. Behin itxita, jarri ontzia tutuaren beste muturrean.
Orain, nahi baduzu, kanpoaldea apain dezakezu nahi duzun eran, eta prest dago zure kaleidoskopioa. Aurrerago, esperimentatzeko, ispilu-zatien arteko angeluak alda ditzakezu zer gertatzen den ikusteko. Hiru ispilu-zati jarri beharrean gehiago jartzen ere saia zaitezke.