Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Askotarikoak
Ile zuriak
2010/04/19 Arantxa Txintxurreta
Zergatik ez duzu ile zuririk, eta zure aiton-amonek bai?

Ikusten ez badituzu ere, buruko azalaren azpian kolore-fabrikak dauzkazu. Ile bakoitzaren azpian fabrika bat. Pigmentu bat sortzen dute fabrika horiek, eta, pigmentu gehiago edo gutxiago sortu, ileak kolore gorria, horia, marroia ala beltza du.
Fabrikan lan egiteko gogo handirik ez badago, oso pigmentu gutxi sortzen da, eta ilea gris bihurtzen da.
Urte asko igaro direnean, fabrika itxi egiten da, eta inork ez du pigmenturik sortzen, nekatuegi egoten dira eta. Ilea kolorerik gabe geratzen da orduan, zuri-zuri. Hori gertatzen zaie aiton-amonei.
Normalki, 40 urte ingururekin hasten da ilea zuritzen; batzuei lehenago, beste batzuei beranduago. Eta batzuek jaiotzetik izaten dute ile zuriren bat buruan. Ezagutzen duzu inor?
Ilea noiz zurituko den jaio aurretik daki gorputzak, baina ez guk!