Lapikoan / Esperimentuak / Biziaren zientziak
Legamia, ogiaren osagai magikoa
2010/04/19 Oihane Lakar
Janarien eta edarien fabrika askok jai lukete onddorik ez balego! Badakizu? Ardoa, sagardoa edo garagardoa egiteko, ezinbestekoak dira onddoak: Onddoek sortzen dute edari horien alkohola!
Edarigintzan ez ezik, beste arlo batzuetan ere erabiltzen dituzte onddoak; okintzan, esate baterako. Ikus dezagun zer gertatzen den! Egin ditzagun bi ogi, bati onddoa jarriko diegu, eta besteari ez.
OSAGAIAK:
- 750 gramo irin
- Baso bat ur epel
- 40 gramo ogia egiteko legamia (okindegi batean eskatu beharko duzue legamia berezi hori)
- Gatz pixka bat.
Noski, aipatutakoak legamiadun ogiarentzako osagaiak dira. Bestearentzat, beste hainbeste beharko duzue, legamia izan ezik.
EGIN BEHARREKOA:
1. Lehenik eta behin, labea berotzen jarri, 250 gradutan.
2. Ontzi sakon batean, legamia uretan desegin, eta gatza gehitu. Ondoren, irina pixkanaka-pixkanaka bota, eta etengabe oratu, orea ontzitik arazorik gabe bereizi arte. Hamar minutu eman behar dituzue orea oratzen; zenbat eta denbora gehiago egon, orduan eta goxoagoa izango da ogia. 
3. Ogiari forma emateko garaia da. Forma emandakoan, oihalezko zapi batean bildu, eta, ahal izanez gero, berogailu baten ondoan jarri. Onddoek zer lan egiten duten ikusiko duzue ordu erdi edo hiru ordu laurden pasatutakoan. Legamiadun oreak hasieran zuen tamainaren bikoitza izango du!
4. Orain, labean sartu behar dituzue bi oreak. Horretarako, labearen tenperatura 180 gradura jaitsi, eta, sartu aurretik, oreei bizpahiru mozketa egin (bestela, labean daudela lehertu egingo dira).
5. 45 minutu inguru utzi behar dituzue labean. Gorantz dagoen aldea txigortzen denean, buelta eman, azpiko aldea ere txigortzeko.
Ikusiko zenuten onddoa zuen ogia bestea baino handiagoa, harroagoa, eta mamitsuagoa dela. Horra gure onddoen lan garrantzitsua!