Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Lurraren zientziak
Nola neurtzen da lurrikara bat?
2010/04/23 Oihane Lakar

Lurrikara batean, Lurraren azala astindu egiten da, eta, horrekin batera, lurraren gainean dagoen guztiak -zuhaitzak, eraikinak, eraikinen barruko altzariak eta abar- dar-dar egiten du...
Lurrikaren indarra neurtzeko, sismografo deritzen tresnak erabiltzen dituzte. Sismografoek Lurraren dardara grabatzen dute paper batean. Horretarako, mugimendua grabatzeaz arduratzen den arkatza edo orratza geldirik geratzen da, inguruko guztia mugitzen ari den bitartean.
Baina sismografoak ez daude airean; hau da, lurrikarak gertatzen direnean, haiek ere dardarka hasten dira; orduan, nola lortzen dute geldirik egotea gainerakoaren mugimendua grabatzeko?
Arkatzari geldirik eusteko, inertzian oinarritzen dira, hau da, objektuek dauden egoeran gelditzeko duten joeran (auto batean goazela, adibidez, gidariak azeleratzen badu, guk atzera egiten dugu, gorputzak denbora-tarte txiki bat behar duelako mugitzen hasteko).
Bada,
efektu hori lortzeko, pisu handi samarra duen objektu bat soka edo malguki batetik zintzilik jartzen dute; hala, denbora gehiago behar du mugitzen hasteko gainerako inguru guztia dardarka hasten denean.
Ondoko irudian, horrelako tramankulu baten irudia ikus dezakezue. Bolatik behera ateratzen den xafla antzeko horrek bolaren mugimendua gelditzeko balio du, hura ere mugitzen hasten baita, beranduago bada ere. Bolatik aurrera ateratzen den orratz-itxurako hori, berriz, arkatza da, mugimendua grabatzeko ardura duena.