Lapikoan / Esperimentuak / Fisika
Igurtzi eta berotu, dena bat
2010/05/28 Oihane Lakar

Eskuak bakarrik ez, oinak ere berotzen dira igurzten baditugu. Oinutsik zaudela etxeko alfonbra baten kontra igurtzita frogatu dezakezu hori. Gorputz-atalak ez ezik, beste hainbat objektu ere berotu ditzakezu igurtzita. Probatu, probatu proposatzen dizkizuedan hauek egiten, eta ikusi zer gertatzen den! Ondoren, bururatzen zaizun edozer gauzarekin saiatu, eta ikusi zein berotzen diren igurtzitakoan.

Adibidez, hartu bi makil eta igurtzi bata bestearen kontra; edo lizpaper batekin egur-puska bat igurtzi. Minutu baten buruan, gutxi gorabehera, ukitu igurtzitako gainazala. Baietz hasieran baino beroago egon! Makilak denbora luzez igurzten badituzu, sua egitera irits zaitezke! Kontuz, beraz.
Edo gurasoekin norabait joaten zarenean, autotik jaitsitakoan saiatu ukitzen autoaren gurpilak. Agian ezingo dituzu ukitu, izugarri berotu baitira!
Zer gertatzen da?
Gauza askok gainazal latzak dituzte. Begiratu lupa batekin zure eskuei, edo egur-puska bati; ikusiko duzu ez direla lau-lauak. Bata bestearen kontra igurztean, bataren eta bestearen lazguneek lana zailtzen digute (marruskadura esaten zaio horri). Igurztearen mugimendua bero bihurtzen da marruskaduraren eraginez, eta objektuak berotu egiten dira.