Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Fisika
Pilak
2010/07/01 Arantxa Txintxurreta

Pila bat autobide bat da. Bai, autobide bat, zergatik ez!
Autobide horretan, ordea, autoen partez, elektroiak daude. Errepidea likidoa da, eta, Behobian hasi eta Bilbon amaitu beharrean, anodoan hasten da eta katodoan amaitzen da.
Pila bonbila bati lotuz gero, autobidea zabaldu egiten da: elektroiak pilaren alde negatibotik (hau da, anodotik) alde positibora (katodora) bidaiatzen hasten dira, elektrolitoan zehar, likidoan zehar.
Elektroiak partikula txiki-txiki-txikiak dira. Hain dira txikiak, ezin dira begiz ikusi! Oso bidaiariak dira, eta haiek mugitzen direnean, inguru guztia mugiarazten dute. Mugimendu horri esker, elektrizitatea lortzen dugu!
Pila amaitzen da anodoak elektroi gehiago askatu ezin dituenean, eta katodoak elektroi gehiago jaso ezin dituenean.
Anodoak, katodoak eta elektrolitoak material askotakoak izan daitezke, eta, horren arabera, mota bateko edo besteko pilak izango dira.