Lapikoan / Artikuluak / Biziaren zientziak
Ugaztunen "haurdunaldiak"
2010/07/08 Arantxa Txintxurreta
Haurdunaldietatik
haurrak jaiotzen dira. Eta haurrak pertsonak dira. Hortaz, pertsonak ez diren animaliak ezin dira haurdun egon! Umedun edo ernari daudela esaten da.
Badakizu zenbat denboraz izan zinen zu amaren sabelean, jaio aurretik? Bederatzi hilabetez, gutxi gorabehera; txahalak adina!
Moxalek denbora pixka bat gehiago behar dute behorretik jaiotzeko: hamaika hilabete. Astakumeek ere antzera, urtebete. Balea batzuk bezalaxe.
Ardiak eta ahuntzak bost hilabetez egoten dira ernari, eta itsasoan bizi diren orka beldurgarriak 16 hilabetez!
Ugaztunak soilik sortzen dira amaren sabelean. Hau da, ugaztunak soilik egoten dira ernari: behiak, baleak, txerriak, hartzak, zakurrak, erbinudeak, urtxintxak, satorrak, saguak...
Kumea sabelaren barruan sortzen da, eta, jaiotzen denean, heldua bezalakoa baina txiki-txikia izaten da. Ez beti, ordea: balea jaioberri batek 5 metro ere neur ditzake!
Arrainak, igelak, inurriak eta txoriak ez dira umedun egoten. Horiek arrautzak erruten dituzte. "Arrautzadun" egoten dira, beraz?