Lapikoan / Esperimentuak / Askotarikoak
Musika-notak
2010/07/16
BEHAR DUGUNA:
Egurrezko erregela fin bat.
Bi arkatz eta liburu astun bat.
Goma bat.
ZER EGIN?

Erregelaren ertz bat liburuarekin zanpatu, eta gainerakoa utzi airean eskegita. Kolpe txiki bat eman, eta soinu bat aterako duela konturatuko zara.

Orain, sartu pixka bat gehiago erregela liburuaren azpira, airean erregela-zati txikiagoa gera dadin. Kolpatu berriro. Berriz ere soinua atera du? Seguru baietz, baina oraingoan altuagoa.

Ipini orain goma erregela bilduz, irudian azaltzen den moduan. Ipini, baita ere, arkatzak ertz banatan. Hatz-puntaz kitzikatu goma, gitarra bat balitz bezala.
Orain, hurbildu arkatzak bata besteari, eta kitzikatu goma berriz. Oraingo soinua aurrekoaren desberdina izan da, ezta? Altuagoa ala baxuagoa da?
ZER GERTATU DA?
Erregela zein goma laburragoak zirenean, bibrazioak azkarragoak ziren, eta, ondorioz, nota altuagoak atera dira. Luzeagoak zirenean, ordea, bibrazioak geldoagoak izanik, notak baxuagoak izan dira.
Bibrazioen azkartasunak baldintzatuta daude soinuak.
Horregatik, hari-instrumentuetan, adibidez, hatzekin zanpatzen dira sokak, guk nahi dugun adina laburtzeko. Horrela, nahi dugun nota ateratzen da.
Sortu duguna musika dela esatea gehiegitxo izango da, baina, praktikatuz gero, auskalo zer egiteko gai izango ginatekeen, ezta?