Lapikoan / Esperimentuak / Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza eta arrantza
Kafe- eta arrautza-ongarria
2011/08/04 Irudiak: Alai Zubimendi
"Denetarik jan behar da". Zenbat aldiz entzun duzu esaldi hori? Eta ez da txantxa!
Bada, landareek ere denetik behar izaten dute ongi hazteko. Horregatik, loreei ongarria bota behar izaten zaie noizean behin. Loreontziko lurra 'gastatu' egiten da, hau da, propietateak galtzen ditu denborarekin, eta galdutako elikagaiak berrezarri behar zaizkio.
Modu erraz batean, horietako elikagai batzuk itzuliko dizkiogu lurrari, eta, horretarako, arrautza-azalak eta kafea erabiliko ditugu.
Arrautza-azalaren % 93 kaltzioa da. Gainera, nitrogenoa eta azido fosforikoa ditu. Erabilitako kafe-garauek ere nitrogeno eta azido fosforiko pixka bat dute, potasioaz gain. Elikagai horiek dira, beraz, loreontziko lurrari itzuliko dizkiogunak.
NOLA EGIN:

1. Arrautza-azalak eta erabilitako kafe-garauak labean lehortu. Kafe-garauak prest daude jada!
2. Arrautza-azalak eskuz txikitu eta zuku-makinatik pasata, hauts bihurtu.
Arrautza-azalak ere prest daude orain!

3. Hartu eskukada bat kafe-garau eta lurrarekin nahastu. Ondoren, hauts bihurtutako arrautza-azala zabaldu landarearen inguruan.
Kontuz: lehor-lehorrak egon behar dute kafe-garauek, hezeak egonez gero onddoak aterako baitzaizkie!
Trukutxo bat: loreontzira arrak sartu bazaizkizu, arrautza-azal lehorrak eskuz puskatu. Zenbat eta ertz zorrotz gehiago geratu, orduan eta hobe. Landarearen inguruan hesi bat egin zati zorrotz horiekin.