Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Fisika
Elurra
2011/10/10 Irudiak: Alai Zubimendi
Iepa!!! Bagoaz maldan behera! Ona!!! Orain, berriro gora, lerari tiraka, pausoz pauso, elurretan ia belaunetaraino sartuta, pixkanaka gora iritsi, leran eseri, eta... beheeraaaaaaaa! Zuri ere gustatzen zaizu elurretan jolastea? Bai? Ondo, baina ez bota niri elur-bola hori! Argi dago: jolasteko primerakoa da elurra. Baina, zer gehiago dakizu elurraz?
Airearen tenperatura 0 ºC-tik beherakoa denean, ur-molekulak modu berezi batean elkartzen dira hodeietan, eta izotz-kristal txikiak sortzen dira. Izotz-kristal txikiak elkartzean, malutak sortzen dira, eta, lurreraino egiten duten ibilbide osoan 0 ºC baino gutxiago baldin badago, elurra erortzen da.
EGIA DA bi elur-maluta berdin ez daudela. Behin, zientzialari batek elur-malutei argazkiak ateratzeko modua asmatu zuen, eta mila baino gehiago atera zizkien. Ez zituen inoiz bi berdin ikusi.Elur-kristal bakoitzak ibilbide desberdina izaten du lurreraino, eta horrek zehazten du malutaren forma; horregatik ez daude bi elur-maluta berdin. Argazkilari-zientzialari hari Elur-maluta Bentley deitu zioten.