Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Fisika
Grabitatea
2012/01/09 Irudiak: Alai Zubimendi
"Mahaiaren gainean ibiltzen bazara, lurrera eroriko zara!" Nora nahi duzu bada, erori? Lurrera erori besterik ez dago. Ezin zara lurretik mahai gainera erori. Zergatik ez?
Lurrak erakarri egiten zaituelako; horregatik erortzen dira sagarrak zuhaitzetatik, eta horregatik erortzen zara, baldar ibiltzen zarenean.
Masa duten objektu guztiek objektu arinagoak erakartzen dituzte. Erakarpen-indar horri grabitatea deritzo.
EGIN PROBATXO HAU: goma batez, lotu bi tenis-pilota, irudian azaltzen den moduan.
Heldu pilota bati esku batez, eta, beste eskuaz, bota beste pilota. Lotuta daudenez, ez da urrutira joango, eta bira egingo du eskuetan duzun pilotaren inguruan.
Modu horretara egiten du lan grabitate-indarrak. Adibidez, Lurraren masa handiak Ilargiaren masa arinagoa erakartzen du, eta horregatik dugu inguruan biraka. Halaber, Eguzkiak Lurrarena baino masa handiagoa duenez, Lurrak Eguzkiaren inguruan orbitatzen du.
Eskala txikiagoan ere badago grabitatea. Adibidez, arkatzaren eta zure artean; baina zuk ez duzu arkatza nahikoa indarrez erakartzen (indar hori ez da oso indartsua), eta horregatik ez du arkatzak zure inguruan birarik ematen!
PISUA
Lurraren masak hurbil duen objektu batean eragiten duen indarra da. Hortaz, masa eta pisua ez dira berdinak, pisua grabitatearen indarraren araberakoa delako, eta masa, aldiz, gorputz batek duen materia-kantitatea.
Balantzak masa neurtzen du, grabitatearen indarra berdina delako bi plateretan.
Beraz, pisua grabitatearen indarraren araberakoa bada, munduko toki guztietan ez dut pisu bera izango? Ez. Gutxiago pisatuko duzu altuera handian zaudenean, mendi-tontorrean adibidez, han grabitatearen indarra txikiagoa baita (Lurraren zentrotik aldenduta dagoelako gailurra). Gainera, Lurra guztiz biribila ez denez, ekuatorean grabitatearen indarra txikiagoa da gainerako latitudeetan baino; eta, poloetarantz hurbildu ahala, indarra handituz doa. Ondorioa: gutxiago pisatu nahi baduzu, igo zaitez ekuatore inguruko mendirik garaienera!
Hala ere, kalkuluak errazago egiteko, Lurraren gainazalean, grabitate-indarrak balio jakin bakar bat hartzen du: 9,81 m/s2