Lapikoan / Bitxikeriak / Askotarikoak
Jatekoa, makillajea eta... klik! argazkia
2012/02/20 Lorea Arakistain
Argazkietako jakiek jateko gogoa sortzen dute. A ze itxura! Baina ez ezazue horrelakorik egin, ez jan. Zergatik? Batzuetan ez delako dirudiena. Zuku freskagarri hori, agian, ez da zukua. Eta dirudien hori izan arren, zukua adibidez, sarri, makillatuta egoten da. Festarako jantzia!
Argazkietan agertzen den esneak fresko-itxura izan dezan, platerak garbitzeko xaboi-burbuilak jartzen dizkiote gainean. Gosariaren argazkia egiteko tranpa handiagoa da; ez da esnerik erabiltzen. Esnez eta zerealez beteriko katilukoa ez da esnea; kola da. Esneak zerealak bustiko lituzkeelako eta bigun-itxura hartuko luketelako ordezten dute esnea kolagatik.
Fruta-zukuek ez dute frutarik izaten. Urari koloratzailea botata egiten dituzte. Horrela, kolore erakargarriak lortzen dira. Eta fruta bera denean argazkian atera beharrekoa, makillajea erabiltzen da. Zer makillaje-mota? Bada, zenbaitetan, aurpegirako erabiltzen den berbera. Marrubiak txukuntzeko, ezpainetako margoa erabiltzen da. Horrela, kolore gorria indartzea lortzen dute.
Eta horiek adibide gutxi batzuk baino ez dira. Pentsatu duzue horren itxura polita duen hanburgesa, agian, aurrez aurrez ez dela horren ederra?

Jaki-makillatzailea
Jaki-makillatzailearena lanbide bat da. Jaki-makillatzaileak modeloak makillatzen dituztenen itxura handia du. Jakiei itxura ona ematen die, argazkian eder-eder ager daitezen. Horretarako, trikimailuak erabili behar izaten ditu; ez bakarrik itxura ona emateko, baita mantentzeko ere.
Sarritan, jakiak kozinatu beharrean, makillatu egiten dituzte. Argazki horiek publizitatean erabiltzen dira.