Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Biziaren zientziak
Ubelduak
2012/02/27 Arantxa Txintxurreta
Zenbat ubeldu dituzu belaunean? Nola egin zenituen? Zer koloretakoak dira?
Ubeldua horixka bada, duela puska bat egin zenuen; ubel-ubela badago, berriz, duela oso gutxi egin zenuen. Asmatu al dugu? Izan ere, ubelduak kolorez aldatzen dira denbora igaro ahala.
Belaunetan ubeldurik ez duen ume gutxi egongo da, seguruen. Kolpe baten ondorioz, azal azpian dauden odol-basoak puskatu, odola basotik atera, eta bildu egiten da. Orduan, orban urdin-morea azaltzen da azalean. Horixe da ubeldua.
Koloreaz gain, handitu egin daiteke ingurua, eta min eman dezake. Horrelakoetan, ona izaten da ur hotzarekin bustitzea, mina kentzen laguntzen baitu. Hala ere, kolpe txiki baten ondorioz sortutako ubelduak, ukitu barik, bakar-bakarrik joaten dira, denbora igarota.
Joan baino lehen, hori-berdetu egiten dira. Usteltzen ari den udareari kolorea aldatzen zaio egunetik egunera; bada, antzekoa gauza gertatzen zaio hemoglobinari, eta horregatik aldatzen da kolorez azaleko ubeldua. Hemoglobina odolean dagoen substantzia bat da, oxigenoa garraiatzen du eta gorri-kolorea ematen dio odolari.
EUSKALTZAINDIARI ZUZENDUTAKO GALDERA: euskaltzain txit agurgarriak, zera jakin nahi dugu: ubelduak ubelak dira hasieran, baina, horitzen direnean, horitu deitu behar diegu? Eskerrik asko.