Lapikoan / Artikuluak / Biziaren zientziak; Nekazaritza, basogintza, abeltzaintza eta arrantza
Kaka? Ez, loreontzia!
2012/03/07 Lorea Arakistain
Ikerketa eta asmakizun guztiak ez dira laborategietan sortzen. Esperientziak balio handia du, eta horixe erakutsi digute Amerikako Estatu Batuetako Conneticut estatuko bi baserritarrek. Ezin ekologikoagoak diren loreontziak asmatu dituzte, behi-kakaz edo simaurrez eginak.
Behiek kaka piloa egiten dute, eta ez dute komunean egiten; ez da ura botata desagertzen. Horregatik, kaka pilatu egiten da. Eta zer egin kakarekin? Ongarri modura erabiltzea ohikoa da. Bada, loreontzi merke, ekologiko eta ezin eraginkorragoa egiteko ere aproposa da. Eta balio horretaz konturatuta sortu dituzte bi baserritarrek simaur-potoak.
Haziak ernatzeko erabiltzen dira simaur-potoak. Loreontzi berezi horiek hilabeteak irauten dute inolako kalterik jasan gabe hazitokietan dauden bitartean. Tarte horretan, landareak beste loreontzi-mota batzuetan baino osasuntsuago eta indartsuago hazten dira. Lurretik kanpo nahi beste iraun arren, behar denean, azkar desegiten dira potoak. Lurrean landatzean, di-da desegiten dira.
Edozein landare edo barazki landatzeko balio dute, tomatea adibidez. Eta onena zera da: egileen arabera -guk ez dugu probatzeko aukerarik izan-, ez du usain txarrik!