Lapikoan / Nola funtzionatzen du / Teknologia; Teknologia; Teknologia; Teknologia
Nola funtzionatzen dute... lanparek?
2002/05/31 Elhuyar
Hasieran sua erabiltzen zen argi artifiziala lortzeko. Baina elektrizitatea erabiltzen hasi zenez geroztik, oro har, lanpara edo bonbilla gehienak hiru motatakoak direla esan genezake, nahiz eta mota bakoitzak eredu eta forma ugari izan.
Lehen-lehenik ohizko lanpara edo goritasun-lanpara deritzena asmatu zuten. Fluoreszentea eta halogenoa geroagokoak dira.
Ohizko lanpara

Kanpotik beirazko globoa du, eta barruan wolframiozko harizpia. Batzuetan globoaren barruan ez dago batere airerik eta beste batzuetan oso presio txikiko gasez betea egoten da.
Harizpitik korronte elektrikoa iragaitean, harizpia berotu, gori-gori jarri eta argia sortzen du.
Denborarekin wolframioa lurrundu egiten da eta, azkenean, harizpia eten egiten da. Beirazko globorik gabe, harizpia airearekin kontaktuan legoke, eta berehala hondatu eta etengo litzateke.
Lanpara fluoreszentea
Ohiko lanpara baino konplexuagoa da. Beiraren barruan gasa, lurrun metalikoa edo hainbat gas eta lurrunen nahastea izaten du (sodio-lurruna, merkurio-lurruna, neona, etab.). Barruan deskarga elektrikoak sortutakoan, elektroiek gas edo lurrunaren kontra talka egin eta argia sortzen da. Berez argi ultramorea sortzen da, ikusezina, baina beirak duen estalkitik pasatuta argi hori ikuskor bihurtzen da.
Halogeno-lanpara
Hodia beirazkoa eta kuartzozkoa da, berotasuna ongi jasateko. Barruan argon eta kripton gasak daude, baita wolframiozko harizpia eta gas halogenoa ere. Korronte elektrikoa harizpitik pasatuta sortzen da argia. Beraz, argia sortzeko mekanismoa berdina da: harizpia goritzea. Gainera, ohizko lanparetan bezala, wolframioa lurrundu egiten da.
Honetan, ordea, gas halogenoak lurrun-partikulak harrapatu eta berriz ere harizpira itzularazten ditu. Horregatik askoz gehiago irauten dute eta, gainera, besteak adina energia elektrikoa erabiliz, argitasun handiagoa ematen dute.
Thomas Alva Edison
Ohio-n jaio zen 1847.ean. Hainbat denboraz telegrafista gisa lanean aritu eta hainbat berrikuntza egin ondoren, asmatzaile-lanetan hasi zen buru-belarri.
1878.ean hasi zen lanpara elektrikoen inguruan lanean, eta hurrengo urtean karbonozko harizpidun lanparen berri eman zuen.
Lanparez gain, fonografoa eta mugitzen ziren irudien proiektorea ere asmatu zituen. 1.093 patente egin zituen bere bizitzan.