Kaixo lagunak:

Amaitu da, jada, lehen proba, baina erantzun zuzenak zein diren eta irabazleak zer lan egin duen ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Hemen dituzue:

 

1. proba

ENUNTZIATUA

ARAUAK

GALDEREN ERANTZUNAK

LAN IRABAZLEA

 

 

Biziaren zientziak

1) Nor zen Dolly? Ba al zuen ezaugarri berezirik? Eta nola sortu zen?

2) Ba al dakizue zer diren klonak? Azal ezazue zuen ustez klonak zer diren 4-8 lerrotan (ondorengo ariketa egiteak lagunduko dizue, beharbada).

3) Imagina ezazue ezkerreko irudia familia baten zuhaitz genealogiko moduko bat dela, hau da, goikoa dela noizbait familia sortu zuena eta gainerakoak haren ondorengoak direla. Konturatuko zarete ondorengoetan badirela gizonezkoak eta emakumezkoak, hile argikoak eta ilunekoak, meheagoak eta lodiagoak, begi argikoak eta ilunekoak… Guztiak familia berekoak izan arren, badira desberdintasunak horien artean. Zergatik daude desberdintasunak? Ugalketan bi pertsonaren ezaugarriak nahasten direlako (zuek ere aitaren edo amaren edo bien antza izango duzue).

 

Eskuineko irudian, ordea, zuhaitz genealogikoko arbasoa klonikoki ugaldu dela imaginatu behar duzue; hau da, klonak izan dituela. Zer itxura izango dute ondorengo horiek guztiek? Ondorengoek izango al dute desberdintasunik beren artean?

 

 

ARAUAK

Erantzunak bidaltzeko epea: urriaren 24ra arte.

Azaroaren lehen astean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa, bai eta lehen proba honen erantzun zuzenak eta azalpenak zeintzuk diren. Lehen proba honetako puntuak baliagarri izango dira azken sarirako.

Zer hartuko dugu kontuan proba honetan saria banatzeko? Zenbateko garrantzia emango diogu irizpide bakoitzari?

- Originaltasuna : % 25
- Egokitasuna: % 30
- Azkartasuna: % 15
- Landua egotea: % 30

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Hernaniko Langile eskolako DBHeko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Langile ikastola-DBH1A".

 

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude.

 

 

BABESLEA

Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea: UNIVERSALIA

Saria: dibulgazioko 10 komiki-liburu: "Bizitzaren gakoa; Darwinetik DNAra"

 

 

GALDEREN ERANTZUNAK

Hauek dituzue 1. probako galderen erantzunak. Hemen jarritakoak oinarri-oinarrizko erantzunak dira; askok erantzun zabalagoak eman dituzue, batzuetan onerako eta besteetan kalterako.

1) Nor zen Dolly? Ardi bat.

Ba al zuen ezaugarri berezirik? Klonikoa zela. Gizakiak klonatu duen lehen ugaztuna.

Nola sortu zen? Laborategian sortutako ardia zen. Ardi heldu baten geneak erabili zituzten enbrioia sortzeko; ez ardi baten obulua eta ahari baten espermatozoideak. Ardi heldu baten zelula batetik nukleoa (edo geneak) hartu, beste ardi baten obuluan txertatu eta obulu hori hirugarren ardi baten umetokian sartu zuten.

2) Zer dira klonak? Indibiduo edo zelula bakar batetik, ugalketa asexualez sortutako ondorengoen multzoa. Ondorengo horiek genetikoki berdinak dira.
Animalia gehienak sexuaz baliatzen dira ugaltzeko; obulua eta espermatozoidea elkartzen dira enbrioia edo ondorengoak sortzeko. Enbrioiak amaren eta aitaren geneak izaten ditu. Ugalketa asexualean, hau da klonetan, espermatozoideek ez dute parte hartzen eta ondorengoak obulutik bakarrik sortzen dira; horregatik izaten dira amaren berdinak, amaren geneak soilik dituztelako.

3) Eskuineko zuhaitz genealogikoan ondorengo guztiak oso antzekoak izango dira eta ez dute desberdintasun genetikorik izango. Desberdin elikatzen badira edo lan desberdina egiten badute, adibidez, gorpuzkera desberdina izango dute, baina beti ere oso-oso antzekoa. Psikologikoki ere desberdinak izango dira bizi diren inguruaren arabera.

 

 

LAN IRABAZLEA

Tafallako Ikastola -- DBH 1. maila
Tafalla - Nafarroa

1 . galdera : nor zen Dolly?
Lehen ugaztun klonatua izan zen. Haren ezaugarri berezia da beste ardi heldu baten zelula batetik sortu zela.
Dolly 1996. urtean jaio zen, umeak ere izan zituen eta 6 urte bizi izan zen (normalean ardiak 12 urte bizi dira). Azkenean hil egin behar izan zuten biriketako gaixotasun bat zuelako.

Dolly ardia

2. galdera: zer dira klonak?
Indibiduo edo zelula bakar batetik ugalketa asexualez sortutako ondorengo-multzoa. Ugalketa-motarengatik ez da behar arra eta emea elkartzerik. Lehenengo saiakuntza ornodunetan, igeletan, egin zen 1952an. Ian Wilmut zientzialariak legeak sortu nahi ditu klonazioa arautzeko.

3. galdera:

Olinpiada hauetan
Gu gara txapeldun
Badakigu oraintxe
Zer egingo dugun
Hirugarren galdera
Behar dugu erantzun
Urbasara joateko
Bost, sei, zazpi egun

Hemen jarri duguna
Egin dugu nekez
Bilatzen egon gara
Eta ez zegoen ezer ez
Gure buruei esker
Jakin dugu errez
Ondorengo guztiek
Diferentziarik ez