Kaixo lagunak:

Amaitu da, jada, bosgarren proba, baina erantzun zuzenak zein diren eta irabazleak zer lan egin duen ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Hemen dituzue:

 

5. proba

ENUNTZIATUA ETA ERANTZUNAK

ARAUAK

LAN IRABAZLEA

 

 

5. proba: ekologia

Angulak, berez, aingirakumeak dira. Itsasoan jaiotzen dira, Sargazoetako itsasoan. Txiki-txikiak direla, pixkanaka, Afrika eta Europa aldera ekartzen ditu itsasoak, Golkoko korrontea izenekoak bultzatuta. Bi urte eta erdiko bide horretan arrain askoren elikagai izaten dira.

Kostaldera iristean, ibaietarako sarbidea bilatu eta ur gezatako bidaia hasten dute. Hor itxaroten diete arrantzaleek, harrapatu eta jan edo saltzeko. Ibaietan gora egin ondoren, bertako animaliatxoak eta janari-hondarrak jaten hasten dira, baina beraiek ere beste hainbat animaliaren janari dira: hegaztiak, arrainak… 10 cm inguruko tamaina hartu dutenean, angula izateari utzi eta aingira txiki bihurtzen dira.

Ibaian bizi dira 8-15 urte inguruan, gero eta handiago egiten eta gero eta animaliatxo handiagoak jaten; hori bai, handitu arren beste batzuen janari izaten jarraitzen dute (igaraba edo kaioena, esaterako). Ibaietako egonaldi luze hori behar dute aingirek handitzeko.

Azkenean, nahikoa handitu direnean, ibaian behera abiatzen dira itsasora joateko. Sargazoetako itsasorako bidaia egiten dute sei hilabetez. Hara iristean, bikotekidea aurkitu, arrautzak jarri eta hil egiten dira.

Ariketako galderak

1) Zein edo zenbat ekosistematan bizi dira aingirak?

Ur-ekosistematan bizi dira, eta, horien artean, ur gazitako eta ur gezatako ekosistemak bereiz genitzake.

2) Zein beste bizidunekin du harremana?

Beren harrapakin edo harrapari diren guztiekin (planktona, arrainak, ibaietako ornogabe txikiak, hegaztiak, igaraba, gizakia eta abar)

3) Zer gertatzen da angula eta aingiren harrapariak asko ugaritzen badira? Eta aingirak berak asko gutxitzen edo ugaritzen badira?

Guztien populazioak desorekatu egiten dira.
Harrapariak asko ugarituz gero, angula eta aingirak asko gutxituko lirateke. Baina, angula eta aingirak gutxitzean, harrapariak ere gutxitu egingo lirateke edo beste elikagaietara jo beharko lukete, beste horien kalterako.
Era berean, aingura eta angulak gutxituko balira, beren harrapakinak ugaritu eta harrapariak gutxitu egingo lirateke.
Batzuetan, desoreka horiek konpondu eta orekatu egiten dira denboraren poderioz; desoreka oso gogorra izan bada, ordea, ez da konponbiderik izaten.

4) Zer zerikusi izan dezake euri azidoak, adibidez, aingirekin?

Euri azidoak baso eta erreka zein ibaiak poluitzen ditu, eta hori kaltegarria izan daiteke angula eta aingirentzako. Batetik, ur azidoak gorputzean kalte zuzena egingo liokeelako (oso espezie gogorra izan arren ezin du edozer gauza jasan). Bestetik, zeharkako kaltea pairatuko luke, beren harrapakinak kaltetu edo gutxitu egingo liratekeelako.
Hau da, atmosfera poluitzeak lurrean edo uretan bizi direnei ere eragiten die, guztia lotuta baitago.

5) Zer gerta liteke aingirarekin…

5.a .- Klima aldatzearen ondorioz itsasoko Golkoko korrontea aldatuko balitz? Zergatik?

Korrontea aldatuta, agian ez lirateke berentzako egokiak diren ibai eta erreketara iritsiko, adibidez; edo garaiz kanpo iritsiko lirateke, eta ezingo lukete beren zikloa osatu. Horrek esan nahi du, zuzenean ez bada ere, klimaren aldaketak eragina izan dezakeela aingiretan.
Edo, iritsiko liratekeen toki berria egokia balitz, beren zikloa osatzeko moduan leudeke.

5.b .- Ibaietan presa eta oztopo gaindiezinak jarriko bagenitu?

Ezingo lukete berentzat egokienak diren tokietara iritsi; eta toki desegokian geratuz gero ez lirateke behar bezala hazi eta handituko berriz itsasora itzuli aurretik. Horrela, ezingo lukete beren bizi-zikloa modu egokian bete.
Edo oztopoa gainditzeko ahaleginean energia gehiegi gastatu eta hil egin litezke.
Edo oztopoak gainditu ezinik harrapariek (gizakiak ere bai) oso erraz harrapatuko lituzkete.

5.c .- Ibaiak zikinduko bagenitu? Zergatik?

Ibaia zikintzean angula eta aingirei kalte zuzena egingo genieke, gaixotasunak sortuko genizkieke. Gainera, beren elikagaia kutsatu edo desagertuko litzateke, eta hori ere aingiren kalterako litzateke. Behar bezala haziko ez balira, ezingo lukete beren zikloa ondo bete eta arrautza berriak jarri itsasoan.

5.d .- Sargazoetako edo beste tokietako itsasoa zikinduko bagenu? Zergatik?

Bikotea aurkitzeko oztopoak izango lituzkete, eta, beraz, ez lirateke ugalduko. Edo ur zikinetan arrautzentzako kondizioak egokiak izan ez eta larbak ez lirateke jaioko, edo jaiotzean hil egingo lirateke. Edo aingirak arrautzak jarri aurretik gaixotu eta hilko lirateke…

5.e .- Angula gehiegi arrantzatuko bagenu?

Angula gehiegi arrantzatuko bagenu gutxi bilakatuko lirateke aingira. Eta aingira gutxi baleude, hurrengo urteetan arrautza gutxiago jarriko lukete eta angula gutxiago sortuko lirateke; horrela, pixkanaka desagertu egingo litzateke espeziea.

OHARRA: Ez dago erantzun luzeak jarri beharrik; 4-6 lerrokoekin nahikoa da.

Ez ahaztu erantzuna bidaltzean probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jarri behar direla.

 

ARAUAK

Erantzunak bidaltzeko epea: otsailaren 27a arte.

Otsailaren lehen astean jakingo duzue erantzunen puntuazioa, bai eta laugarren proba honen erantzun zuzenak zein diren. Laugarren proba honetako puntuak ere baliagarri izango dira azken sarirako.

Zer hartuko dugu kontuan proba honetan saria banatzeko? Zenbateko garrantzia emango diogu irizpide bakoitzari?

- Originaltasuna : % 15
- Egokitasuna: % 45
- Azkartasuna: % 25
- Landua egotea: % 15

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue.

OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena, maila eta gela jartzea. Adibidez, Hernaniko Langile eskolako DBHko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau idatzi beharko luke: 4. proba-Langile ikastola-DBH1A.

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude.

 

BABESLEA

Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea: Donostiako AQUARIUMa

SARIA

AQUARIUMerako sarrerak .

 

LAN IRABAZLEA

Lauro Ikastola -- DBH 1E
Loiu - Bizkaia

IKUSI