Kaixo lagunak:

Amaitu da, jada, seigarren proba, baina erantzun zuzenak zein diren eta irabazleak zer lan egin duen ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Hemen dituzue:

 

6. proba

ENUNTZIATUA ETA ERANTZUNAK

ARAUAK

LAN IRABAZLEA

 

 

6. proba:

Zarautz-Getaria arteko Zernolaren Bizikleta-martxa

 

Kaixo, lagunok!!!

Laster udaberria datorrela eta, bizikletan paseotxo bat ematera animatu naiz. 82,5 kilometro ibiltzeko asmoa daukat; bai, askotxo da, puff, baina lasai, sasoi onean nago.

Zuek ere nirekin batera paseo hori ematera gonbidatzen zaituztet.

Bueno, eta zertan lagundu behar didazue?

Bada, adi: Getarian hasiko dut txangoa, eta, berriro ere Getariara iritsi ahal izateko, ibilbidean hainbat galderari erantzun behar diot. Guztira 9 geldialdi izango ditut bidean, eta, hortaz, 9 galderari erantzun beharko diet.

Erraza dirudi, baina aitortu behar dut ez naizela oso iaioa galderei erantzuten; hortaz, zuen laguntza ezinbestekoa dut.

Ziur naiz elkarrekin lortuko dugula!!!

Honako ibilbide honetan daude galderak:

7. galdera 6. galdera 5. galdera 4. galdera 3. galdera 2. galdera 1. galdera 9. galdera 8. galdera

Zorte on!!!!

OHARRA: Ez dago erantzun luzeak jarri beharrik; 4-6 lerrokoekin nahikoa izan daiteke.

Ez ahaztu erantzuna bidaltzean probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jarri behar direla.

 

1. GETARIA: Zer zerikusi du ezpatak bizikletarekin?

Miguel Indurain txirrindulariak bere neurrira egindako bizikleta izan zen "Ezpata", eta erloju kontrako probetan erabiltzeko diseinatu zen.

2.Lautada batean zein plater eta zein pinoi erabiliko zenituzke?
Lautada batean plater handia eta pinoi txikia erabiliko nituzke.

3. Eta aldapan?
Plater txikia eta pinoi handia.

4. Zergatik aldatzen dira platerak eta pinoiak lautadatik aldapara?
 

A. Platera baino askoz txikiagoa denean pinoia, platerak egindako bira bakoitzeko bira-kopuru oso handia egiten du pinoiak, eta bizikletaren atzeko gurpilari transmititzen dio higidura. Baina... indar gutxi transmititzen da.

B. Pinoi handiago batek, ordea, platerak duen ia indar osoa transmititzen dio gurpilari, baina pinoiak egiten duen bira-kopurua ez da nabarmen handitzen. Aldapan gora, indar handia behar da norberaren pisua eta bizikletarena gora igotzeko, eta horregatik behar da pinoi handia.
C. Aldagailua duten bizikletetan, hainbat neurritako pinoien artean aukera dezake txirrindulariak, eta ibilbidean gora ala behera egin behar denean, ahalik eta indar txikiena eginda abiadurarik handiena lortzea da helburua.
D. Bizikleta modernoetan, plater bi edo gehiago jarri dira. Beraz, helburu bera lortzeko, konbinazio gehiago ditu txirrindulariak horiekin.

5. Zein da bizikletak aurrera egiteko erabiltzen duen mekanismoa?
Pedalak biela-biradera mekanismoa du. Pedalari eragiten diogunean, platera mugiarazten dugu eta horrekin batera katea. Platera eta pinoia, berriz, gurpil horztunak dira eta katearen bidez igortzen da higidura, batetik bestera. Amaitzeko, pinoiak bizikletaren atzeko gurpilarekin bat biratzen du. Beraz, hankarekin pedalari eragitean, bizikletaren atzeko gurpila birarazten dugu, eta, horren ondorioz, bizikleta osoa higitzen da.

6. Noiz egin zen lehen bizikleta?
Bizikleten antzeko tramankuluak aspalditik erabili dira Indian eta Txinan. Hala ere, De Sivrac frantsesak batu zituen lehen aldiz gurpila eta bastidorea, eta célérifère izena eman zion. 1817an, Karl Drais von Sauerbronn alemaniarrak norabidea kontrolatzeko gailua zuen lehen ibilgailua asmatu zuen. Ordutik aurrera, frantses, alemaniar eta britainiarrek hainbat hobekuntza egin zituzten.

7. Zer zerikusi du Leonardo da Vincik bizikletarekin?
Bizikletaren lehen zirriborroa egin zuen.

8. Higidura transmititzeko beste bi modu azaltzeko gai zarete?

Bi ardatzen arteko higidura-transmisioa aztertzeko, ardatzak nola kokatuta dauden ikusi behar da.

Bi ardatzak paraleloak badira, engranaje zuzenak, poleak eta kateak erabiltzen dira higidura transmititzeko. Poleak nahiz kateak erabiltzen direnean, handitu egin daiteke bi ardatzen arteko distantzia (ez, ordea, engranajeen kasuan), eta biraketa-noranzko bera izaten dute bi ardatzek. Hala ere, askoz ere zehatzagoak dira engranajeak higidura nahiz indarra transmititzeko orduan; horregatik erabili izan dira engranajeak erlojuetan, adibidez.

Ardatzak ebakitzen direnean, engranaje konikoak erabiltzen dira higidura transmititzeko.

Eta, ardatzak gurutzatzen direnean, torloju amaigabe batek eta koroa batek osatutako bikotea erabiltzen da.


9. Zer esan nahi dute bizikleten aerodinamika hobetu nahi dela esaten dutenean? Emango al zenituzkete bizikletaren aerodinamika hobetze aldera egin diren bi aldaketaren adibideak?

Aerodinamika hobetu nahi dela esaten denean, bizikletak eta txirrindulariak haizeari egiten dioten marruskadura-indarra gutxitu nahi dela esan nahi da. Horretarako, hainbat modu erabiltzen dira: txirrindulariak arropa estua erabiltzen du, gurpilei erradioak kentzen zaizkie, erradioei plaka batzuk jartzen zaizkie, txirrindulariak kaskoa erabiltzen du, eserlekua apropos txirrindulariaren jarrera ahalik eta aerodinamikoen izan dadin jartzen da, etab.

 

 

ARAUAK

Erantzunak bidaltzeko epea: apirilaren 5a arte.

Apirilaren hirugarren astean jakingo duzue erantzunen puntuazioa, bai eta seigarren proba honen erantzun zuzenak zein diren. Seigarren proba honetako puntuak ere baliagarri izango dira azken sarirako.

Zer hartuko dugu kontuan proba honetan saria banatzeko? Zenbateko garrantzia emango diogu irizpide bakoitzari?

- Originaltasuna : % 30
- Egokitasuna: % 35
- Azkartasuna: % 20
- Landua egotea: % 15

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue.

OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena, maila eta gela jartzea. Adibidez, Urnietako Jose Langile eskolako DBHko 1A gelak seigarren probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau idatzi beharko luke: 6. proba-Langile ikastola-DBH1A.

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude.

 

BABESLEA

Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea: EROSKI URBIL

SARIA

EROSKI URBILek oparitutako CD sorta.

 

LAN IRABAZLEA

San Viator, Gasteiz, 2.B

IKUSI