Kaixo!!!

Amaitu da, jada, lehenengo proba. Hiru lanik hoberenak zein diren eta irabazleek zer lan egin dituzten ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Bada, Zuen Txokoan dituzue jarrita hiru lan irabazleak; jo hara eta ikusi, ados?

Mila esker zuen parte-hartzeagatik, eta animo bigarren probarako!

Hona zer eskatzen zen:

1. proba:

Kaixo, lagunok!!!


Azkenotan arduratuta nabil!

Sortzen dugun zaborrarentzako irtenbide bila dabiltza buru-belarri.
Administrazioak erraustegien aukera ikusi du egokiena une honetan. Jende guztia ez dago konforme eta haserrea ere piztu du gaiak. Ez zait erraza iruditzen irtenbidea. INFORMAZIO ZABALA BEHAR DUT!

Lagunduko?

Begira, honako zalantza hauek dauzkat:

1. Zer da erraustegia?
2. Zergatik jartzen dira?
3. Zein dira arriskuak?
4. Zein dira alternatibak?
5. Zenbat zabor sortzen dugu? Non hasten da arazoa benetan?

Nik hau proposatzen dizuet: izan zaitezte zientzia-dibulgatzaile, eta informa gaitzazue ni eta zuen beste lagun guztiak, ados? Horretarako, idatz ezazue artikulu bat. Jakina, taldeak egin beharko du lana, beraz, zenbait egiteko bereiz ditzakezue artikulua idazteko prozesuan. Esaterako, zuetako batzuek informazioa bilatu eta ideia nagusiak bildu beharko dituzue, beste batzuek testuaren gorputz nagusia idatzi (10 letra-tamainako 2.000 karaktere, espazioak barne, gehienez), beste batzuek, aldiz, xehetasun garrantzitsuren bat landuko duzue koadro bereiz gisa, beste zenbait argazkiaz eta argazki-oinaz arduratuko zarete, eta denon artean erabakiko duzue titularra. Zer iruditzen?

Baina ez ahaztu zientzia-dibulgazioko artikulua dela, eta halakoetan alternatiba guztiak hartu behar direla kontuan! Ez da iritzi-artikulua, ados? Saiatu ahalik eta ikuspuntu gehien kontuan hartzen!

... Eta Mantangorrin agertuko balitz zuen artikulua? Bada, Mantangorrikoak ere lagunak ditugu , eta, haiek esandakoaren arabera, arauetan ageri den eredua erabiliz gero, zuen artikulua benetan argitaratua izateko aukera izango duzue! Proba irabazten duen taldearen artikulua argitaratuko da, hain zuzen ere!

Animo eta jo azkar liburutegietara, zientzia-aldizkarietara, egunkarietara eta Internetera! Ea garbiago ikusten ditudan gauzak! Mila eskeeeer!


ARAUAK

Hona bete behar duzuen eredua: MANTANGORRIREN EREDUA.

Erantzunak bidaltzeko epea: urriaren 18ra arte.

Urriaren azken astean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa. Lehen proba honetako puntuek azken sarirako balioko dute.

Zer hartuko dugu kontuan? Badakizue, hiru irizpide hartuko ditugu kontuan lanak saritzeko: originaltasuna, egokitasuna eta zenbat landu den. Horien arabera, hiru lan aukeratuko ditugu. Irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 8 puntu lortuko ditu eta hirugarrenak, berriz, 6 puntu. Lehengo saria jasotzen duenak, puntuez gain, gela osoarentzako saria jasoko du. Gainerako lanek, 3 puntu eskuratuko dituzte, epez kanpo bidaltzen dutenek 1 puntu eta probarik bidaltzen ez duten ikasgelek 0 puntu izango dute.

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Laudioko Txirriplausta ikastolako DBHko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Txirriplausta ikastola-DBH1A".

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude!


BABESLEA


Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea:

eta

SARIA


MANTANGORRIk oparitutako DVD bilduma bat.