|
Kaixo!!! Amaitu da, jada, bigarren proba. Hiru lanik hoberenak zein diren eta irabazleek zer lan egin dituzten ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Bada, Zuen Txokoan dituzue jarrita hiru lan irabazleak; jo hara eta ikusi, ados? Mila esker zuen parte-hartzeagatik, eta animo hirugarren probarako! Hona zer eskatzen zen: 2. proba: Kaixo, lagunok!!! Konturatu
zarete zer denbora gutxian ari den dena aldatzen gure inguruan? Ikaragarria
da zenbat modutan komunika gaitezkeen gaur egun. Telefono finkoa dugu,
mugikorrak ditugu, Internet, bideokonferentziak; azkenotan, mugikorretik
bideoa bidaltzen ere asmatu dute... eta auskalo zer gehiago dagoen guk
ezagutzen ez duguna! Harritzekoa! Ikus irudiko zirkuitua. Telefono-sare baten eskema da. Egin ezazue telefono finkotik hasita eta telefono mugikorrera arte doan bidea. Guztira, zazpi urrats dira, eta zazpi galderari erantzun beharko diezue bidean. Batzuetan, Interneten bilaketak egin beharko dituzue; beste batzuetan, ordea, zuen burmuinak astindu beharko dituzue. Eta, ibilbide osoa bukatutakoan, mezu sekretu bat deszifratu beharko duzue. Proba guztien azpiko aldean dituzuen hitzak elkartu, ordenatu eta deskodetu egin beharko dituzue! Prest? Bada, has zaitezte lehenbailehen. Animo!!
Erantzunak bidaltzeko epea: azaroaren 15era arte. Azaroaren azken astean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa. Bigarren proba honetako puntuek azken sarirako balioko dute. Zer hartuko dugu kontuan? Badakizue, hiru irizpide hartuko ditugu kontuan lanak saritzeko: originaltasuna, egokitasuna eta zenbat landu den. Horien arabera, hiru lan aukeratuko ditugu. Irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 8 puntu lortuko ditu eta hirugarrenak, berriz, 6 puntu. Lehengo saria jasotzen duenak, puntuez gain, gela osoarentzako saria jasoko du. Gainerako lanek, 3 puntu eskuratuko dituzte, epez kanpo bidaltzen dutenek 1 puntu eta probarik bidaltzen ez duten ikasgelek 0 puntu izango dute. Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Laudioko Txirriplausta ikastolako DBHko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Txirriplausta ikastola-DBH1A". Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude!
|