Kaixo!!!

Amaitu da, jada, hirugarren proba. Hiru lanik hoberenak zein diren eta irabazleek zer lan egin dituzten ikusteko irrikitan egongo zarete, seguru. Bada, Zuen Txokoan dituzue jarrita hiru lan irabazleak; jo hara eta ikusi, ados?

Mila esker zuen parte-hartzeagatik, eta astindu buruak laugarren probako asmakizunekin!

Hona zer eskatzen zen:

3. proba:

Kaixo, lagunok!!!

Gauza asko jotzen ditugu segurutzat, ezta? Horietako bat da, adibidez, urteak 365 egun dituela, eta datorren urtarrilaren 1ean 2005. urtea hasiko dela.

Baina, zergatik ez hasi urtea martxoaren 4an edo abenduaren 7an? Eta urteak hamabi hilabete izan beharrean, zergatik ez esan 10 hilabete dituela? Ba al dakizue, adibidez, judutarrentzat 5765. urtean gaudela?

Jakina da antzinako zibilizazioek —inkek, maiek edo aztekek, adibidez— asko zekitela astronomiari buruz, eta oso egutegi zehatzak zituztela gainera!

Urtea, antzinako euskaldunentzat, izotz-elurren urtze aldia edo uren zikloa izango zen seguruenik, baina, gaur egun, "urtea" honako honi deritzo: Lur planetak Eguzkiaren inguruan jirabira bat emateko behar duen aldiari. Azken hori erabat neurgarria da, eta horrexetarako egin zituzten Stonehenge eta beste hainbat megalito.

Urtaroak, hilabeteak, solstizioak edo ekinozioak; denbora neurtzeko hainbat izen, eta Lurraren, Eguzkiaren eta Ilargiaren higidurekin erabat lotuak.

Euskaraz ere, hilabeteen izenak ikusi besterik ez dago nekazaritzarekin duten zerikusiaz jabetzeko.

Ikaragarria, ezta?

Bada, 3. proba honetan saiatuko gara gure egutegiaz jabetzen, eta, orobat, inguruan izan ditzakegun lagunen ohitura desberdinak ezagutzen. Prest al zaudete kulturen arteko txangoa egiteko? Hasi, bada, koadro honetako galderei erantzuten, eta, amaieran, osa ezazue zuen egutegi propioa.

Animo!!!



ARAUAK

Erantzunak bidaltzeko epea: abenduaren 13a arte.

Abenduaren azken astean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa. Hirugarren proba honetako puntuek azken sarirako balioko dute.

Zer hartuko dugu kontuan? Badakizue, hiru irizpide hartuko ditugu kontuan lanak saritzeko: originaltasuna, egokitasuna eta zenbat landu den. Horien arabera, hiru lan aukeratuko ditugu. Irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 8 puntu lortuko ditu eta hirugarrenak, berriz, 6 puntu. Lehengo saria jasotzen duenak, puntuez gain, gela osoarentzako saria jasoko du. Gainerako lanek, 3 puntu eskuratuko dituzte, epez kanpo bidaltzen dutenek 1 puntu eta probarik bidaltzen ez duten ikasgelek 0 puntu izango dute.

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Laudioko Txirriplausta ikastolako DBHko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Txirriplausta ikastola-DBH1A".

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude!


BABESLEA


Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea:

SARIA


AQUARIUMa ikusteko sarrerak eta bisita gidatua.