Kaixo!!!

Amaitu da, jada, laugarren proba. Zorrotz ibili zarete,e!

Beti bezala, hiru lanik hoberenak zein diren ikusteko, jo
Zuen Txokoa atalera, ados?

Mila esker zuen parte-hartzeagatik, eta presta zaitezte bosgarren probako!

Hona zer eskatzen zen:

4. proba:

Kaixo lagunok!

Zelan zabiltzate? Aurreko probetarako, informazio asko bildu behar izan duzue handik eta hemendik, ezta? Oraingoan, ordea, zuen buruak astindu besterik ez duzue egin behar!

Ea nola ebazten dituzuen honako asmakizun hauek!

On egin!


Erramunen CD-ROMak

Herriko jendea izututa dago! Erramunen saltegitik, Gabonetarako ekarritako CD-ROM guztiak desagertu ziren bart. Dirudienez, gauza bat dago argi: autoa erabili zuten lapurrek merkantzia garraiatzeko.

Gaur goizean, Garra, Txarbi eta Ortzo lapur-hirukotea eroan dute galdeketa egitera, eta Martin Xerlok detektibea etorri da herrira. Honako hauek jo ditu ziurtzat detektibeak:

1. Lapurreta norbaitek egitekotan, Garra, Txarbi eta Ortzo hirukoteko norbaitek egin du.

2. Ortzok ez du ezer egiten Garrarekin batera ez baldin bada (eta, agian, beste hirugarren batekin batera).

3. Txarbik ez daki autorik gidatzen

Erruduna ala errugabea ote da Garra?

Erantzuna



Tenis-partida

Neska bat eta mutil bat tenis-partida bat jokatzen ari dira; bost set-etan jakingo dute zein den irabazlea. Partida amaitu, eta biek irabazi dituzte hiru set.

Nola liteke?

Erantzuna

 

Pontxe pozoitua?

Gizon bat ospakizun batera joan zen; hara heldu eta pontxe apur bat hartu zuen. Handik eta gutxira alde egin zuen. Baina... haren ondoren pontxea edan zuten guztiak pozoiak hilda agertu ziren hurrengo egunean.

Zer dela-eta ez zen hil gure gizona?

Erantzuna


Zenbat sagar!

Mahai baten gainean sei sagar dituen otzara bat dago, eta, gela berean, sei neska daude. Neska bakoitzak sagar bat hartu ondoren, sagar bat gelditu da otzaran... Nola liteke?

Erantzuna

Bolak gordetzen

Nola sartuko zenituzke 9 bola 4 kutxatan, baldin eta kutxa bakoitzak bola kopuru bakoitia eduki behar badu, eta, gainera, kopuru horiek ezin badute berdinak izan?

Erantzuna

Hiru kafesne, mesedez!

Hiru lagun joan dira kafea hartzera. Kontua eskatu eta tabernariak esan die 2 euro eta 50 zentimo direla 3 kafeak. Horren arabera, bakoitzak euro bat jarri du, guztira 3 euro. Sobran dauden 50 zentimoetatik, 10 zentimo hartu ditu bakoitzak, eta beste 20ak tabernako potean sartu dituzte. Beraz, bakoitzak 90 zentimo jarri ditu, guztira, 2 euro eta 70 zentimo, gehi potera sartu dituzten 20 zentimoak, 2 euro eta 90 zentimo. Non daude falta diren 10 zentimoak?

Erantzuna


Dendarien sekretuak

Dendari batek balantza bat erabiltzen du, eta, horrez gain, lau pisu desberdin. Pisu horien bidez, dendaria gai da 1en eta 40ren artean dagoen edozein kilogramo-kopuru zehatz neurtzeko.

Zenbatekoa behar du lau pisuetako bakoitzak?

Erantzuna

 


ARAUAK

Erantzunak bidaltzeko epea: urtarrilaren 17ra arte.

Urtarrilaren azken astean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa. Laugarren proba honetako puntuek azken sarirako balioko dute.

Zer hartuko dugu kontuan? Badakizue, hiru irizpide hartuko ditugu kontuan lanak saritzeko: originaltasuna, egokitasuna eta zenbat landu den. Horien arabera, hiru lan aukeratuko ditugu. Irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 8 puntu lortuko ditu eta hirugarrenak, berriz, 6 puntu. Lehengo saria jasotzen duenak, puntuez gain, gela osoarentzako saria jasoko du. Gainerako lanek, 3 puntu eskuratuko dituzte, epez kanpo bidaltzen dutenek 1 puntu eta probarik bidaltzen ez duten ikasgelek 0 puntu izango dute.

Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Laudioko Txirriplausta ikastolako DBHko 1A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Txirriplausta ikastola-DBH1A".

Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude!


BABESLEA


Hilabete honetako probaren babeslea eta sari-emailea:

 

SARIA


GAZTETXULOk oparitutako 3 hilabeteko harpidetza gelako ikasle guztiei.