|
1. proba: Izar ohetik altxatu da, argia piztu du eta bainua hartzeko zorrotada beroa ireki du. Sukaldera joan da, esnea mikrouhin-labean sartu du, eta ogi-xerra, txigorgailuan. Logelarako bidean, telebista piztu du ea gustuko programarik dagoen, eta, bat bera ere ez zaionez gustatu, logelara joan da, telebista piztuta utzita. Bart ez zuen amaitu hain gustuko zuen komikia, loak hartu zuen... eta komikia irakurtzen jarraitu du. Denbora konturatu barik pasatzen zaio Izarri komikiak irakurtzen ari denean. Oraingoan, komikia nola amaitzen den ez zaio gustatu eta zakarrontzira bota du; hondakin organikoen toki berera. Bien bitartean, ur beroaren iturria irekita dauka, eta berogailua ere martxan, jakina! Hori bai, praka laburretan dago eta tirantedun nikia darama jantzita. Bainu beroa hartu ondoren, sukaldera joan da, eta berriro berotu behar izan du esnea, eta ogi-xerra, uf!, hotz. Beste bat sartu du txigorgailuan. Ordu-erdi eskas igaro da esnatu denetik, baina etxe osoa jarri du martxan. Egurra erreta ekoitziko balitz energia elektrikoa, auskalo zenbat zuhaitz egongo lirateke erreta dagoeneko! Eskolarako bidea ere, amarekin egin du autoan, biak bakarrik. Egia esan, eskola ez dago hain urrun, baina berandu egin zaie, beti bezala, eta, azkenean, autoz joan behar izan dute. Ez da txantxako kontua, ez; energia-baliabideak urriak direla badakite Zernolako lagun guztiek, baina, dirudienez, Izarrek ez dauka hain argi kontua. Horregatik, gai horren inguruko informazioa prestatuko diogu Izarri. Lagunduko? Begira, zalantza hauek argituko dizkiogu: 1. Zertan kontsumitzen dugu energia
gaur egun? Zertan gehien? Nik hau proposatzen dizuet: izan zaitezte zientzia-dibulgatzaile, eta eman iezaguzue energiari buruzk informazioa niri eta zuen beste lagun guztiei, ados? Horretarako, idatz ezazue artikulu bat. Jakina, taldeak egin beharko du lana; beraz, zenbait egiteko bereiz ditzakezue artikulua idazteko prozesuan. Esaterako, zuetako batzuek informazioa bilatu eta ideia nagusiak bildu beharko dituzue, eta beste batzuek testuaren gorputz nagusia idatzi (10 letra-tamainako 2.000 karaktere, espazioak barne, gehienez); beste batzuek, berriz, energia aurrezteko 10 aholku zerrendatuko dituzue koadro bereiz gisa, beste zenbait argazkiaz eta argazki-oinaz arduratuko zarete, eta denon artean erabakiko duzue titulua. Zer iruditzen? ... Eta Mantangorrin agertuko balitz zuen artikulua? Bada, Mantangorrikoak ere lagunak ditugu, eta, haiek esandakoaren arabera, arauetan ageri den eredua erabiliz gero, zuen artikulua benetan argitaratzeko aukera izango duzue! Proba irabazten duen taldearen artikulua argitaratuko dute, hain zuzen ere! Ikus http://www.zientzia.net/teknoskopioa/2006/sarrera.asp helbidea. Hor duzue nahi beste informazio proposatutako gaiaren inguruan. Animo eta eragin buruari!
Hona bete behar duzuen eredua: MANTANGORRIREN EREDUA. Erantzunak bidaltzeko epea: urriaren 27ra arte. Azaroaren 6ean jakin ahalko duzue erantzunen puntuazioa. Lehen proba honetako puntuek azken sarirako balioko dute. Zer hartuko dugu kontuan? Badakizue, hiru irizpide hartuko ditugu kontuan lanak saritzeko: originaltasuna, egokitasuna eta zenbat landu den. Horien arabera, hiru lan aukeratuko ditugu. Irabazleak 10 puntu jasoko ditu, bigarrenak 8 puntu lortuko ditu eta hirugarrenak, berriz, 6 puntu. Lehengo saria jasotzen duenak, puntuez gain, gela osoarentzako saria jasoko du. Gainerako lanek, 3 puntu eskuratuko dituzte, epez kanpo bidaltzen dutenek 1 puntu eta probarik bidaltzen ez duten ikasgelek 0 puntu izango dute. Gainera, proba bakoitzean arrazoiren batengatik lanen bat nabarmenduz gero, 4 puntu jasoko dituzte lan horien egileek. Aipamenak izango dira lan horiek, eta, gehienez, bost aipamen egingo ditugu probako Erantzunak nola bidali: zuen erantzunak zernola@elhuyar.com helbidera bidali behar dituzue. OSO GARRANTZITSUA DA mezuaren gaian probaren zenbakia edo izena, ikastetxearen izena eta gelaren maila jartzea. Adibidez, Zamudioko Txirriplon ikastolako DBHko 2A gelak lehen probaren erantzuna bidali nahiko balu, gaian testu hau gehitu beharko luke: "1. proba-Txirriplon ikastola-DBH2A". Animo, has zaitezte lanean!!! Zuen erantzunen zain gaude!
|