4. proba:

 


1. Ibaiaren deskribapena

Bi argazki aterako dituzue: lehenengoak behatuko duzuen ibaia jasoko du; bigarrena, berriz, zuen argazkia izango da. (Apain-apain jarri, e! Kar, kar...).

Horrez gain, ingurua deskribatuko diguzue, eta ibaiaren inguruko informazio apur bat lortzen saiatuko zarete:

- Zein dira ibaiaren erabilera nagusiak? (Adibide batzuk: nekazaritza, abeltzaintza, basogintza, hiri-erabilera, aisialdiko lekua, industria-erabilera, berezko egoeran dagoen eremua da, zonalde degradatua da, bide-azpiegiturak, bestela...)

-Jasan al du eraldaketarik ibaiak?
(Adibide batzuk: urtegia, presa, bideratuta al dago ibaia?...)

-Ba al dago ura kudeatzeko instalaziorik?

 

Laguntza 1: Ibaialde/Deskribapena/Ibarraren erabilerak

Laguntza 2: Ibaialde/Deskribapena/Aldaketak

 

 

 

 

2. Kokatu zuen ibaia

Non jaiotzen da zuen ibaia? Eta non itsasoratzen da edo non isurtzen ditu urak zuen ibaiak?

Gutxi gorabehera, gu kokatzeko, ibaiaren zer ibilgutan zaudete: goikoan, erdikoan ala behekoan?


Zein da, gutxi gorabehera, ibaiaren zabalera? Eta sakonera?

Laguntza : Ibaialde/Deskribapena/Ibilgua

Laguntza : Ibaialde/Ezaugarri fisikoak/Sakonera

 

3. Ikusizko azterketa

Begira ezazue lauzpabost minutuz ingurura, arnasa hartu, adi belarriak eta zabaldu ondo begiak. Inguruaren ezaugarri kualitatibo batzuk nahi ditugu:

- Kiratsa dago?
- Ikusi al duzue arrain hilik?
- Aparra sortzen da uretan?
- Bada olio edo koipearen arrastorik?
- Aurkitu duzue tamaina handiko hondakinik
  zuen laginketa-eremuan?

Laguntza : Ibaialde/Zaborrak

 

 

4. Bizitzarik?

Ibaietako floran eta faunan argi islatzen da ekosistema urtarraren oreka. Espezie-
-aniztasuna inguruaren kalitatearen ezaugarria da. Alegia, ibaiaren alboetan edo ibaian sartuta animalia eta landare asko egotea ibaia 'osasuntsu' dagoen seinale da.

Zer bizitza hauteman duzue ibaian? Zer animalia eta zer landare ikusi dituzue?

Laguntza : Ibaialde/Flora eta fauna

 

 

 

 

5. Hausnarketa

Hau da atalik garrantzitsuena. Egizue zuen ibaiaren diagnostiko orokor bat, eta, ibaiaren egoera hobetzerik balego, aipatu zer egin litekeen hobetzeko.

Aldiz, zuen ibaia 'osasuntsu' ikusten baduzue, esan zer neurri ezarri behar diren bere horretan jarrai dezan.

Eskerrik asko, jakintsu maiteok!